2010/02/04

AGATE DEUNA



Heldu zaigu, berriro ere, Agate Deuna ospatzeko saioa. Bezpera gauean, otsailaren 4an, Euskal Herrian oles egiteko ohitura izan dugu. Oles egitea norbaiti dei edo erregu egitea da, atejoka laguntza eske ibiltzea. Ohitura honek oraindik dirau bizirik toki askotan.

Agate Deuna martiria Sizilia irlan jaio zen k.o. 230. urtean. Garai hartan Siziliako nagusi zen Quintinianori begitik sartu omen zitzaion. Honek ahalegin guztiak egin zituen neskaren bihotza irabazteko baina alferrik., Jaungoikoari eskeinia baitzegoen. Ezin zuela neska lortu eta, neke eta oinaze gogorrak sufriarazi zizkion; ezagunena bi bularrak moztea. 251. urtean hil zen, 21 urte zituela. Haurtxoen eta bularretako gaixotasunen bat duten emakumezkoen babeslea da. Suteen kontrako abokata ere bada zenbait herritan.

Agate Deunaren inguruan Euskal herrian ohitura desberdinak izan dira. Kanpai jotze luzeak izaten ziren eta, Bizkaiko zenbait ermitatan, erromeriak.

Beste toki batzuetan, egun horren goizaldean, baserrietako soro eta baratzetan, Kandelario egunean elizan bedeinkatutako kandelak pizten ziren.

Tradizioak zioen egun horretan ezin zela labako edo garbiketa lanik egin.

Gaur egun, berriz, toki gehienetan gorde izan den ohitura zera izan da, zuzendaria aukeraturik, makila bana eskuan hartuta eta lehengo janzkeraz, dirua edo janaria biltzen etxez etxe oles egiten ibiltzea.

Oles egiten den bitartean bertso eta kopla ugari erabiltzen dira. Hona hemen guk Ballonti institutuan kantatzen duguna.

Aintzaldu daigun Agate Deuna

bihar da ba Deun Agate,

etxe honetan zorion hutsa

betiko euko al dabe.

Ballontikoak etorri gara

ikastetxetik herrira,

urte polita izan dagigun

kantatzera belarrira.

Aintzaldu daigun Agate Deuna...

Portugalete dogu etxea

eta sano harro gagoz,

inoiz euskalduna izan dadin

lan egingo dogu gogoz.

Aintzaldu daigun Agate Deuna...

Orain bagoaz gure herriko

beste baztarren batera

hartu zeuk ere makila eskuan

ta kantau gugaz batera.

Aintzaldu daigun Agate Deuna...

(bat, bi eta hiru... IIIEUP!!!)

2010/02/03

ANIS USAINA



Etxebarru guztietako kontua da anis usaina sanblasetan. Hori da lehenengo pista opilak prest daudela jakiteko.

Orain anima zaitez eta... ON EGIN!!




Kg 1 irin

Kilo erdi azukre
150 g gurin
9 arrautza (hiru zuringo aparte utzirik)
7-8 tanta anis esentzia
Legamia, 2 zorro txiki

375 g glass azukre

Kilo erdi azukre, 150 g gurin eta hiru zuringoak ez besteko guztiak nahasi ongi orea lortu arte. Mahai baten gainean, orea zapal zapal egin botila baten laguntzaz edo. Ez ahaztu irin apur bat jartzea mahaiaren gainean, bestela dena kolatuko zaigu eta. Ore horretatik, pala baten tamainako opilak aterako ditugu eta ertzetan koskak egingo dizkiegu edo dauden-daudenean utzi, nork bere aukeran. 200º-tan dagoen labean sartu 15 minutuz.
Bitartean, zuringoak elur puntu gogorrean jarriko ditugu; limoi erdiaren ura bota eta glass azukrea gutxinaka- gutxinaka gehitu nolabaiteko loditusuna lortu arte. Labekoak atera eta oraindik epel daudelarik gainetik igurtziko ditugu zuringoekin, San Blas opilen zuritasun berezko hori eduki dezaten.